XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

III.1. GAZETA ETA BOLETINARI DAGOZKION ZENBAIT INGURUMEN.

III.1.1. Argitalpenen estabilizazioa eta Errege-Inprimategi antolatzearen lehen urratsak.

Aldez aurretik argitu nahi genuke, ondoren egingo dugun azterketan nahastuta aurkituko direla bi gauza ezberdinen bizitzak, jaiotzak, finkapen eta gainbeherak: Errege-Inprimategia eta Gazeta.

Hain hertsiki loturik daude ezin direla banatu.

Hasiera batetan Inprimategia era guztietako inpresio gutxi-asko ofizialak botatzeko balio zuen, baina errealitatean agerkari honi, denen gainetik, lehentasuna ematen zitzaion bere bolumen eta denboraren jarraipenagatik (48).

Inprimategi nahiz karlisten argitarapen propioen hasierak oso ilunak dira (beste leku batetan aipatu den bezala).

Egunkari horien ale bakan eta inprimaketaren antolaketaren albiste zati eta zeharkakoak ditugu.

Dena pentsarazten du batak eta besteak oso makalak izan zirela harik-eta Errege-Inprimategia Oñatin ezarri eta Gazeta Ofizialaren argitalpena eman arte ez daiteke ezer funtsezkorik esan.

Ditugun dokumentuetatik, gerraren lehenengo memento hauetan, karlisten inprimaketa arloan oinarrizko pertsonaia Kastor APAOLAZA dela atera dezakegu.

Ezer gutxi dakigu inprimatzaile honen nortasunaz, ezta bizitza pribatuaz, bere eginkizun profesional arloan izan ezik.

Lehenengo aldiz, 1.834 ko azkenetan Zaldunerian sarrera eskatu zuenean aurkitzen dugu, baina honen ordez Nafarroako Biltzarraren Inprimategiaren kargu egitera bidali zuten (1.834-abendua-9) (49).

Geroztik bidalitako instantzia baten bidez jakin izan dugu Biltzarrarentzat kanpaina prentsa bat prestatzea agindu zuela, zein 35 ko udaberrian bi aldiz salbatu behar izan zuen Oraa jeneralaren presioz, lehenengo Sunbilan eta gero Ezkurratik mandoz atera behar izan zutenean.

Urte bereko, Ekainean, Apaolaza Astizen aurkitzen dugu bere inprimategiarekin Biltzarraren zerbitzutan, baina oso tentsio gogorrekin bere taldekoekin eta, zehazki, Inprimategiaren Zuzendari zen Frai Manuel de Benitorekin.